XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goian zerua eta behean lurra

Irratiarekin leiala naizela aitortu behar dut. Konpromisoa hartu nuen duela 14 urte eta zintzo jarraitzen dut. Lehenengo Radio Euskadin eta orain Radio Vitorian. Amodiozko irristada bakarra ETBko kamerekin izandakoa da.

Lehenengoan, jakinminez eta ez horrenbeste grinaz, 86 inguruan, eta gero noizean behingo desleialtasunak, azkenean berriro ere mikrofonoaren beso zabaletara itzultzeko.

Telebistarekin izan nuen lehenengo abentura luzea ETB2ren hasierarekin bat dator. Ia-ia baliabide barik arratsaldeko Teleberrien arduradunok larriuneak, urduritasunak eta une barregarriak jasan behar izan genituen. Baina denborak aurrera egin ahala une larri haiek anekdota atsegin bilakatu dira.

Orduan editore zen batek bizi izan zuenalakoa, zuzenean dagoela foko nagusiak leher egin zion eta bat-batean larrialdi fokoaren postea izan beharra suertatu zitzaion. Hanka puntetan eta besoak gora zituela orekari eutsi ezinik zegoen bitartean, nik, nire aurpegirik onenarekin, barreak iruntsiz, albistegia aurkezten jarraitu nuen.

Eskasia eta estuasun egoera hura laburra izan zen zorionez, ikusleentzat, baina bizi izan genuenok ez dugu sekula ahaztuko.

Zorionak EITB!